XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Asmo-helburuak

Liburu hau xede zehatz batekin sortu zen.

Hura mamitzean parte hartu behar genuenok Bilbo sentiaraztea nahi genuen.

Irudiz eta idatziz emango genuke aditzera.

José María Gorordo Bilboko Alkateari asmoa kontatu geniolarik, honek bihotz eman zigun, asmoa gauza genezantzat.

Lanean hasi ginen.

Milaka argazki hartu ziren.

Langaien artetik hautapena egin genuen.

Irudi-nekea mugatua gelditu da, sintesi laburtuan, orain erakusten ditugun argazki hauetara.

Agian irudi horiek ez dute azalpen gehiegirik behar, aski garbi mintzo bait dira berez.

Testuak, ordea, bai behar du, beti ere azalpen eskean dago, berea duenari leialak izango bagara.

Idazketa guztia etengabeko hitzaldia da.

Ñabarra izan da testuaren sorketa.

Une batzutan garai batekoaren oroit-sentipenak gintuen betetzen.

Haurtzaroa ukitzen genuen, urruti zegoen Bilbo batean.

Eta horrela, adibidez, gauza ñimiño eta are barregarri batean izatego ederra genekusan.

Beste une batzutan hiriko ibiltarien irri iheskor zein biribilak, gehi ezpain ilunak eta ez hain ilunak haztatzen genituen.

Testua une bakoitzean ostatatzen gintuen zirrararen arabera papereratzen genuen.

Hala ere, hirian erabat murgildu ahala, eta aldirietara hurbildu, gogoa aldatu zen.

Aldiri horietatik ohartzen ginen hiri gunean edota hiriago jotzen dugun horretan kokatuz gero, inork ez du asmatu nahi parte batzu direnik, non hiriak ez du bere burua ezagutzen.

Orduan konturatzen ginen Bilbo sentitzea ez dela soilik ona duen aldean gozatzea, txarra duen aldean jasatea ere baizik.

Gero begi-lekuko izan garen bizi-nolakotasun batzu aipatzen ditugu.

Abiapuntu horretatik, nahi dugu irakurleak kontutan hartzea hiriko jendeaz, jendetzaz, egunoroko harat-honatekoez, kaleko kemenaz eta erritmo erosuarraz mintzatzean, ez garela bilbotarrak berdinkatzen ari.

Hau da, urrutiko puntu batetik ikusirik, denak pentsarazten badigu bilbotarrek multzo eraberekoa osotzen dutela, hori ez da egia.